Astigar elkartearen 50. urteurrena eta sagardoaren kulturaren berreskuratzea

11th March 2026 By

Aurten 50 urte betetzen dira Astigar elkartea sortu zenetik. 1975ean, Astigarragako gazte talde batek elkartzea erabaki zuen, herriak zituen beharrak partekatu eta erantzunak elkarrekin bilatzeko. Garai hartan, Astigarraga Donostiaren menpe zegoen, eta herrian ez zegoen ez jarduerarik, ez azpiegiturarik: dena egiteko zegoen.

Testuinguru horretan sortu zen elkartea, helburu argi batekin: herria aktibatzea eta bizitza sozial, kultural eta komunitarioa indartzea. Hasieratik, euskararen aldeko lana funtsezkoa izan zen; euskarazko klaseak eta jarduerak antolatu ziren, eta hizkuntzaren transmisioa bermatzeko lehen urrats sendoak eman ziren. Aldi berean, ondarea eta kultura lantzeari ekin zitzaion: kultur asteak, baserriko bizimoduarekin lotutako erakusketak, jantziak eta musika-tresnak plazaratuz.

Kirolak ere bere tokia izan zuen elkartearen jardunean. Pilotak protagonismo handia hartu zuen, baina futbola eta mendiko jarduerak ere sustatu ziren. Musikaren arloan, solfeoko ikastaroak, instrumentuen ikasketa eta musika-taldeen sorrera bultzatu ziren. Aisialdiari dagokionez, haur eta gazteentzako ekimen ugari antolatu ziren: zinema-saioak, mendi-irteerak eta txangoak.

Astigar elkartea helburu argi batekin sortu zein orain dela 50 urte: herria aktibatzea eta bizitza sozial, kultural eta komunitarioa indartzea.

Dantza, zalantzarik gabe, Astigar elkartearen ardatz nagusietako bat izan da. Hasieratik gaur egunera arte, dantza taldea etenik gabe egon da presente, eta herri-nortasunaren adierazpen garrantzitsuenetako bat bihurtu da.

Lehen agerpen publiko handia 1976ko Santio jaietan izan zen. Ordutik aurrera, jaiak ekimen berritzaile ugarirekin antolatu ziren: euskal-dantzak, sagardo dastaketak, erakusketak, herri-kirolak eta musika emanaldiak. Une horretan, herria ohartzen hasi zen zerbait berria eta garrantzitsua martxan jarri zela.

Hala ere, Astigar elkartearen lana ez zen festetara edo aisialdira mugatu. Proiektu estrategikoak ere landu ziren: Astigarraga herri gisa aitortua izateko aldarrikapena eta azpiegitura propioak sortzeko proposamenak. Ildo horretan, Kontxa Etxeberria eskola herriko kultur etxe bihurtzeko planteamendua landu zen, eta Sagardoetxea museoa eraikitzeko proiektua ere sustatu zen. Elkarteak, horrela, funtsezko papera jokatu zuen herri-kontzientzia pizteko eta etorkizuneko bideak marrazteko.

Sagardoa eta sagardoaren kultura: ardatz estrategikoa

Astigar elkartearen ibilbidean berebiziko garrantzia izan du sagardogintzak eta sagardoaren kulturak. Duela 40-50 urte, etxeetan eta herriko jendearen testigantzen bidez jasotzen zen sagardoak Astigarragan izan zuen pisua: sagardotegi ugari zeudela, sagardo asko egiten zela, eta sagardoa aisialdirako eta harremanetarako gune nagusietako bat zela.

Testigantza horietan jasotzen zen, besteak beste, Aste Santuan jende asko —Donostiatik eta ingurutik— Astigarragara hurbiltzen zen lehen sagardoa dastatzera, eta bertsolaritzak ere leku garrantzitsua zuten sagardotegietan. Sagardotegiak aisialdi-guneak zirela: toka, boloak eta bestelako jolasak egiten zirela bertan.

Lehen ekintza nagusietako bat Santa Ana egouneko sagardo dastaketa izan zen. 30 sagardo ekoizle elkartu ziren Foru plazan.

Testigantza horietan ere aipatzen zen adarra jotzeko makina Astigarragan zegoela esanaz “Ehun da ehun berrehun, berrehun da berrehun ehun eta berrogei ta hamar, kontatzen ez baneki leku earrean nioken, aupa Astiarra” esaldi hau Sagardotegiko giroarekin lotu zen.

Abiapuntu horretatik, Astigar elkarteak argi ikusi zuen sagardoaren kultura antolatu, berreskuratu eta plazaratu beharra zegoela. Lehen ekintza nagusietako bat Santa Ana egunean antolatutako sagardo dastaketa izan zen. Horretarako, baserriz baserri joan ziren sagardoa ekoizten zuten etxeetara, eta guztira 30 sagardo ekoizle elkartu ziren Foru plazan. Hasieran jendea harrituta geratu zen, ordura arte ohikoak baitziren sagardo txapelketak, baina ez horrelako dastaketa ireki eta parte-hartzaileak. Hala ere, ekimenak arrakasta handia izan zuen, eta urteetan zehar errotu zen. Santa Ana eguneko dastaketa Zipotza elkarteak antolatu zuen 2003. urtera arte, eta urte horretatik aurrera ardura Sagardun Partzuergoak hartu zuen.

Sagardoaren inguruko lanketa ez zen dastaketara mugatu. Jardunaldiak, aste kulturalak eta sentsibilizazio ekimenak antolatu ziren, eta une batean, sagardoaren kulturari aitortza iraunkorra egiteko beharra ikusi zen. Horren ondorioz, herrian Sagardoaren Monumentua jarri zen. Era berean, Sagardoetxea proiektua landu zen, sagardoaren kulturarentzako erreferentziazko espazio bat sortzeko helburuarekin.

Bestalde, Txotx irekieraren inguruan, Astigar elkarteak sagardotegian egiten den protokoloa diseinatu eta landu zuen, Arizkungo sagar-dantza protagonista bilakatuz. Protokolo horrek ekitaldiari dimentsio kultural eta sinboliko berezia eman zion, sagarraren eta sagardoaren erritualtasuna azpimarratuz.

Azkenik, Zirikoketa, Astigarragako Inauteri propio bat diseinatu da, dantzariek eta herritarrek parte hartzen dute eta sagarra eta sagar-harra protagonistak dira. Berriz ere, Astigarragako jarduera bat sagardoaren munduarekin lotzen da.

Ondorioa

Urteek aurrera egin ahala, Astigarragak bere bidea egin du, baina Astigar elkarteak sagardoaren kulturan egindako lanak oinarri sendoa utzi du. Gaur egun ere, sagarra eta sagardoa Astigarragako kulturaren eta nortasunaren zutabe nagusietakoak dira. 1975ean hasitako herri-ekimenaren arrastoa nabarmen jarraitzen da, eta urteurren honek aukera ematen digu egindako bidea aitortzeko eta etorkizunerako herrigintzan elkarlanak duen garrantzia berriz azpimarratzeko.

Autor: Joxe Mari Alberro (Astigar E.O.E)
Fuente: Anuario Sagardoaren Lurraldea 2025

La entrada Astigar elkartearen 50. urteurrena eta sagardoaren kulturaren berreskuratzea aparece primero en Sagardoaren Lurraldea.

Source