‘Dolareak’ proiektua: elkarrizketa Iban de la Fuente irakasleari

11th March 2026 By

‘Dolareak’ proiektuaren harira, Iban de la Fuente Compagnons du Tour de France zentroko egurrezko egituren irakasleari elkarrizketa egin diogu:

Iban de la Fuente arozgintzaren munduan txikitatik murgildutako profesionala da. 18 urterekin Angelura jo zuen Compagnon ikastetxean ikasketak egitera, aita arotza izanik etxetik jasotako ogibideari jarraipena emateko. Gaur egun, hamahiru urte daramatza ikasi zuen ikastetxe berean maisu lanetan. Dolareak proiektuaz gain, ikasleekin mugaz gaindiko beste proiektuetan parte hartu du. Adibidez, Coopwood proiektuan, Donibane (Iruña) ikastetxearekin batera; eta Albaola faktoriako Gaztegur programan. Horren barruan, 27 metroko egurrezko egitura baten eraikuntzan parte hartu zuten.

  1. Nola hartu zuten ikasleek ‘Dolareak’ proiektuan parte hartzeko aukera?

Ikasleek beti pozik eta ilusioz hartzen dituzte proiektuak. Ikasgelatik atera nahi dute. ‘Dolareak’ proiektuan ez dago bakarrik lana dolarearen berrikuntzan, irteerak ere badaude, sagardo, baserri, gure ondare eta kulturari buruz. Beraz, guzti horrek erakarriago egiten du ikaslearentzako horrelako proiektu bat.

  1. Nolakoa izan da beraientzat XVII. mendeko pieza batekin lehen harremana izatea?

Iritsi ginen egunean, hautsa eta egur multzo sakabanatu desberdinekin topo egin zuten. Lehen erreakzioa ez zen oso ona izan, baina egunak pasa ahala, egurra garbitu ondoren tratamendua eman zitzaion egurrari, bere bizitasuna berreskuratzeko. Honek harridura momentu batera eramaten zituen ikasleak. Dolarearen muntaketa burutzen deneko harridura horrek harrotasun puntura eramaten ditu. Badakite egitura berezi batean lan egiten ari direla, eta itsura batean balio gutxi zuten egur zatiak berriz balorean jartzean, motibatu egiten dira.

  1. Zer ikasi dute ikasleek egur zaharrarekin lan eginez, ohiko prestakuntzarekin alderatuta?

Oraingoz, egur zaharra nola garbitzen den eta pieza astunak nola mugitu garabia eta erremienta mekanikorik gabe ikasi dute. Astigarragan egingo dituzten hurrengo egonaldietan erakutsiko diegu egurra nola kokatzen den baserri edo tolare batean zuhaitzak izan duen hazkuntzaren arabera, eta baita egur zaharra ere nola landu egitura bat egiteko. Egur zaharra lantzeko teknika ia desagertua dago, eta hori erakutsi nahi diegu.

  1. Zer esango zenuke izan dela beraientzat zailena eta, zer aberasgarriena?

Hiru ikastetxe direnez, zailena hizkuntza eta beraien artean kontaktuan sartzea izan da. Egin duten egonaldi osoa izan da aberasgarria beraientzat. Lehen esan bezala, dolarea dago, baina inguruan egin diren aktibitate eta bisitetan asko ikasi dute. Ikasle batzuk ez ziren kontziente berain etxe inguruan hainbeste gauza bisitagarri daudela. Kulturalki, gure euskal kultura inguruan ikasi dute, adibidez txalaparta jotzea nondik datorren edo sagardoa zertarako erabiltzen zuten gure marinelek.

  1. Ze ekarpen egin dio proiektuak beraien formakuntzari?

Ikasle gehienek altzarigintza ikasten dute, ez dute egur egituretan inolako formakuntzarik. Beraz, beste lanbide batean sartu dira eta hura ezagutu dute. Ikasle hauek beti pieza txikiekin lan egiten dute tailer baten barruan. Dolareak proiektuak egur luzeekin, astunekin eta zaharrekin lan egitera eraman ditu, leku ireki batean. Zalantzarik gabe, proiektu honek beste ikuspuntu zabalago bat ekarriko dio beraien formakuntzari.

  1. Proiektu honek ikasleen ondarearekiko begirada aldatu al du? Nola?

Ondarearekiko ikuspuntua erabat aldatu zaie. Orain arte, ondare bat badagoela eta gorde behar dela zuten buruan, baina ez zekiten zergatia. Lehen egonaldi honen ondoren badakite zergatik berreskuratu behar den. Konturatu dira ondarea berreskuratze horrek argitzen digula nondik gatozen eta baita ere norantza joan nahi dugun.

  1. Ikasleek ulertu al dute zaharberritzen ari diren piezaren balio historikoa eta kulturala?

Balio historikoa ulertu dute, bai. Lan egin ondoren egin dituzten irtenaldien helburua izan da balio historiko eta kultural hori azaltzea.

  1. Nolakoa izan da beste lurraldeetako ikasleekin batera lan egitea?

Lehen kontaktuak beti zailak dira, baina egunak pasa ahala elkarrekin kontaktuan sartzen dira. Gainera lanbide hauetan lan talde bat ez badago, ez zoaz inora. Beraz, egurrak garbitu edo mugitu dituztenean, elkar laguntzen ibili dira, eta horrek harremanak sortzen lagundu du. Gero elkarrekin irteerak egiteak, bazkaltzeak eta lo egiteak ere harremanak eta kontaktua izatea laguntzen du.

  1. Esperientzia honek ikasleen bokazioan edo lanbide-ikuspegian eraginik izan duela iruditzen al zaizu?

Bai. Horrelako proiektu bat ikastetxeetatik kanpo lantzen denean, askotan ikasleari ofizioan edo berak hautatu duen lanbidean jarduteko gogoa baieztatzen dio. Lanbidearekiko duen ikuspuntua zabaltzen da bere buruan. Bere lanbidean eta kasu honetan egurrarekin egin daitezkeen gauza interesgarri guztiak ikusten ditu. Altzari batetik, egurreko teilatu batera.

  1. Zer uste duzu eramango dutela ikasleek esperientzia honetatik, urte batzuk barru ere?

Harro egongo dira. Erabat berritzen denean, beraien familiak eramango dituzte erakustera zertan parte hartu duten. Bere garaian Albaolan, gaur egun jangela bezala erabiltzen den eraikina egin genuen. Parte hartu zuten ikasleek ikusten dutenean, horri buruz hitz egiten didate. Hori sei urte pasa ondoren gertatzen da. Beraz, harro eta zoriontsu egongo direla uste dut, historian beraien arrasto txikia utzi dutelako.

Autor: Sagardoaren Lurraldea
Fuente: Anuario Sagardoaren Lurraldea 2025

La entrada ‘Dolareak’ proiektua: elkarrizketa Iban de la Fuente irakasleari aparece primero en Sagardoaren Lurraldea.

Source