Malum Rex, primer bar de sidra del estado situado en Astigarraga
Astigarragako bihotzean, Petritegi sagardotegiaren ondoan, Malum Rex-ek ateak zabaldu zituen maiatzean, Estatuko lehen Sagar Bar gisa, sagardoaren kultura modu alternatibo eta berritzaile batean bizitzeko aukera eskaintzen duena.
Ainara Otaño eta Jon Torre, Petritegiko familiaren bosgarren belaunaldiko kideek, proiektu hau garatzeko inspirazioa azken hamarkadan munduan barrena egindako bidaietan aurkitu zuten. Alemania, Ingalaterra, Frantzia, Asturias, Bartzelona, Madril eta AEB bezalako eskualde eta herrialdeak bisitatuz, sagardoaren ekoizpen eta kontsumo modu desberdinak ezagutu zituzten, ‘cider bar’, ‘steak house’ eta ‘tap-room’ bezalako kontzeptuak barne. Esperientzia horiek bultzatuta, etxean produktua dibertsifikatzeko eta kontzeptu gastronomiko berri bat sortzeko ideia garatu zuten, sagardoaren gama zabal bat ikusarazi eta gozatzeko espazio bat sortuz.
Sagardozaleek 40 erreferentzia baino gehiago dituzte eskuragarri “Sagardoen Aldare Handia” deiturikoan
Txorrota anitzeko barra
Malum Rexen, sagardoa da protagonista nagusia. Txorrota anitzeko barran, bezeroek Euskal Herriko zein nazioarteko hamabi sagardo mota eska ditzakete. Gainera, Sagar Bar berri honetan ‘Sagardoen Aldare Handia’ deiturikoa aurki daiteke, non sagardozaleek 40 erreferentzia baino gehiago dituzten eskuragarri: sagardo lasaiak, naturalak, apardunak, pét-nat-ak, ekologikoak eta vermuta sagardoarekin bezalako aukerak eskaintzen dira, edari honen mundua sakonki ezagutzeko parada emanez.
Beste fruta zuku batzuekin egindako sagardoak, izotzezkoak, suzkoak eta destilatuak ere aurki daitezke. Nahi duenak, hozkailu handi bat den aldare horretara hurbildu, bere arreta gehien erakartzen duen sagardoa aukeratu eta mahaira eraman dezake, sagardo bakoitzaren ezaugarriak nabarmentzeko diseinatutako kopetan dastatzeko. Zalantzak dituztenek aholkua eska diezaiekete establezimenduko langileei, beren gustuetara hobekien egokitzen den sagardoa gomendatzen jakiteko nahikoa ezagutza baitute.
Sagardoaz haratago, aperitifa edo bermuta hartzeko aukera dago Malum Rexen, bai eta garagardoa eta ardoak dastatzeko ere.
Bertako produktuak, karta gastronomikoaren protagonistak
Ainara eta Argoitz Otaño familiako enologoak sagardoen eskaintza osatzeko erabili duten mimo berarekin osatu dute karta gastronomikoa. Bertako produktuak eta sasoiko osagaiak erabiliz, plater tradizionalak eta modernoak uztartzen dituzte. Malum Rex-eko sukaldaritzak landareen eta animalien munduan du jatorria, eta bertan goxo-goxo sukaldatzen dute, haragijalea, begetarianoa edo beganoa izan, bezeroek gehien gustatzen zaienarekin goza dezaten.
Parrillan prestatutako haragi eta aukera begetarianoak nabarmentzen dira, bezeroei eskuarekin jateko eta zapore berriak deskubritzeko askatasuna eskaintzeko. Horrela, entsaladak, hummus-a, etxeko kroketak, Indiatik datozen pakorak, musaka begetala, txuleta haragiko hanburgesak, beganoak edota hegaluzearenak dastatu daitezke, bai eta parrillan egindako txuletak, sahieskiak, barazkiak edota sardinak (azken hauek udaran). Esperientzia borobiltzeko, etxean egindako postreak ere daude, besteak beste, torradak, sagar krumblea, izozkiak edota gazta tarta.
Sagardoen kartan bezala, gastronomikoan ere aldaketak eta berrikuntzak gauzatzen dira. Izan ere, establezimendu honen apustua urtaro bakoitzeko produktuetara egokitzea da, etengabeko berrikuntzan murgiltzen diren bitartean.
Kultur gune bat
Malum Rexek kultura eta gastronomia uztartzen ditu, asteburuetan musika zuzenean eta beste jarduera batzuk eskainiz, bezeroen esperientzia aberastuz. “Ostiraletan musika saioak daude, sagardo katak eta kata bereziak antolatzen ditugu, hala nola, sagardoa eta txuleta maridajea, eta artisau azoka bat ospatu genuen ere”, azaldu du Jon Torrek. Etorkizunari begira, agenda hori zabaltzeko, espazio berri honen bultzatzaileek erronka hartu dute.
Familia-proiektua
Proiektu berri hau esperientzia luzea duen Petritegiko lantaldearen ahaleginari esker gauzatu da. Ainara eta Jonekin batera, bakoitzak bere ikuspegia eta ideiak islatu baititu. Donostiako ostalaritzan urte luzez aritu den Ariadna Pereira da lokalaren arduraduna. Gainera, Ioritz Otañok, familiaren seigarren belaunaldikoak,
sektorean duen esperientzia eskaini du. Argoitz Otañok, aldiz, Ioritzen anaia eta etxeko enologoa, sagardoei buruz duen ezagutza eta produktu dibertsifikazioan duen esperientzia ekarri dio proiektuari.
Malum Rex: Sagarraren Erregea
Malum Rex izenak badu bere zergatia. Kondairak dioen moduan, 1526. urte inguruan, gaur egun Sagar Bar-a dagon leku horretan bertan, sagardogile zahar batek arrautza handi bat aurkitu zuen sagarrondo baten ondoan. Urte hartako uzta aparta izan zen eta sagardogile zaharrak Saurio arrautza egin zuen opari zoragarriaren erantzule. Hala, altxor preziatua baserrian ezkutatu zuen, oskolatik zein animalia aterako zain, eta Malum Rex izena jarri zion, Sagarraren Erregea.
Sagardogile zaharraren istorioei ez zien jaramonik egin familiak eta urteen poderioz ahaztu egin zituzten arrautza hark ekarritako poz eta onurak. Baina izozteak nagusi ziren negu gordinean eta sagarrondoetan ez zen ez lore eta ez sagarrik ageri. Arrautza bilatzeari ekin bazioten ere, alferrik izan zen. Inork ez baitzuen sagardogile zaharrak berekin eramandako gordelekuaren arrastorik.
Arrautza ez zuten sekula aurkitu, baina arrautza egiazkoa izan zenaren froga argia bizirik da egun. Ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi gugana iritsi den izendapena: Malum Rex.
Harrera bikaina
Maiatzean ateak zabaldu zituenetik Malum Rexek harrera bikaina izan duela adierazi du Torrek. “Oso pozik gaude jendearen harrerakin. Udaran oso ondo egin genuen lan sasoiko eskaintzarekin, sardin erreak, bertako tomatea eta plater berriak eskaini genituen. Udazkenean kartan ezarritako berrikuntzek ere harrera ona izan zuten, hala nola, hileko hanburgesa edo taloak”.
Aldi berean, bertan giro lasaia eta jatorra aurki daitekeela nabarmendu du Torrek. “Bikoteak, koadrilak edo familiak etortzen dira gure lokalera, janariaz eta sagardoen aukera zabalaz gozatzeko asmoarekin. Kafea edo aperitifa hartzeko leku egokia da ere. Gainera, parkin zabala daukagu eta natura giroan gaude kokatuak”.
Horrela, Malum Rex gastronomia eta sagardoaren zaleentzako ezinbesteko helmuga bihurtu da. Gainera, bere kontzeptu berritzaile eta eskaintza zabalari esker, Repsol Gidaren lehen ‘Solete’-a eskuratu du.
Sagardoaren zaleentzat, baita zapore berriekin esperimentatu eta sagarraren erreinuan murgildu nahi dutenentzat ere, Malum Rex asteazkenetik igandera dago zabalik, 12:00etatik 24:00etara, eta sukaldeko ordutegia 13:30etatik 15:00etara eta 20:00etatik 21:30etara da. Erreserbak www.malumrex.eus webgunean edo 943 47 26 13 telefono zenbakira deituz egin daitezke.
Egilea: Sagardoaren Lurraldea
Iturria: Anuario Sagardoaren Lurraldea 2024
La entrada Malum Rex, primer bar de sidra del estado situado en Astigarraga aparece primero en Sagardoaren Lurraldea.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest